Noiz: 2000tik 2005era (komunikazio lanik gogorrena 2004ko urrian).
Non:
Euskadi, Madril, Gijon eta beste zenbait herritan.
Proiektua:
Gazteen emantzipazio berantiarrari buruzko komunikazio kanpaina.
Lan-tandea:
Oinarrizko ideia Alex Mitxelena eta Hugo Olaizola arkitektoena izan zen. Ideiaren garapena eta zuzendaritza Saioa Olmoren esku egon zen eta ekoizpena eta komunikazioa Amasté Comunicación-en betebeharrak izan ziren. Laguntzaileak: Arteleku- Gipuzkoako Foru Aldundia, Montehermoso Kulturunea, Euskal Jaurlaritzako Gazte eta Kultura sailak, Madrid Abierto, Bilbotex eta Euskadi Gaztea.
Webgunea:
www.emancipator.org

Emancipator, zure emanzipazio arazoentzako konponbide. Sartu gure webgunean: www.emancipator.org

EMANCIPATOR BUBBLE burbuila forma duen bizileku puzgarria da. Zure gurasoen etxean bertan koka daiteke eta modu honetan, etxetik atera gabe aske izateko aukera emango dizu. Zure burbuilatik eta gurasoen hartuneak baliatuz, zuzenean lor ditzakezu ura, argindarra eta telefonoa sosik ordaindu gabe. Honela, erosotasun handiena lortzen duzu, esfortzurik txikienarekin. Gaur egungo gazte tipologia bakoitzak, bere EMANCIPATOR-a izan dezake modelo desberdinak baitaude: EMANCIPATOR DELUXE izenekoak, esaterako, EMANCIPATOR-card bat dauka, zure erosketa guztiak gurasoen kontutik pasa daitezen; XXL modeloa ere badugu, %33ko independentzia gehiago eskaintzen dizuna; SEXMANCIPATÓN izenekoa, bikotea etxera eramateko ezin hobea; GARDEN, ÉTER, FIRE-WIRE, PUNCHETA eta AUTODETERMINATOR modeloak ere aukeran dituzu.

EMANCIPATOR BUBBLE proiektua produktu faltsu hau sustatzeko komunikazio kanpaina bat izan zen. Etxe ondoko saltoki-gunean erosteko aukera egongo balitz bezala aurkezten zen produktua, baina inoiz ez zen benetan salgai jarri. Komunikazio estrategia honen helburua, gure inguruko gazteen emantzipazio berantiarrari buruzko eztabaida eta hausnarketa piztea zen.

Gazteak hain berandu arte etxean geratzearen arrazoiak aztertu genituen: etxebizitzen prezio altuak, guraso eta seme-alaben arteko mendekotasun harremanak, gaur egungo gazteen erosotasuna edota ziurtasun eta egonkortasun gutxi eskaintzen duen etorkizuna. Gatazka honetako alde bakoitzak (gurasoek, seme-alabek, instituzioek, komunikabideek, elkarteek…) duen ikuspuntua aztertu nahi genuen  arazoa konpon zezakeen EMANCIPATOR bezalako produktu bat erosteko ameskeria eskainiz.

Komunikazio kanpaina hau sustapenerako hainbat elementuen laguntzarekin zabaldu zen: produktuaren informazioa zekarten txikleak banatu ziren kaleetan, zenbait telebistatan bota zuten iragarkia, irratiko iragarki laburrak, webgunea, “EMANCIPATOR A MEDIDA” lehiaketa, publizitate-euskarri desberdinetako iragarkiak (idatzizko prentsa eta tabernetako display-ak) eta arte eta kultura guneetan jarritako aurkezpen-setak. Gainera, oso estaldura handia lortu zuen komunikabideetako berri gisa, telebistan, irratian, egunkarietan, aldizkarietan eta ahoz aho.

EMANCIPATOR BUBBLE egitasmoak 2004ko urrian izan zuen komunikazio-eraginik handiena, aurretik eta ondoren gaur egun arte hainbat lekutan erakutsi bada ere. Honako hauek izan dira aipagarrienak: Bilboko Euskalduna Jauregian 2003an egin zen Gazte-politikei buruzko kongresua; 2003ko Inmonorte Azokan egindako ekintza; 2004ko Madrid Abierto; aurkezpen-seta Bilboko Rekalde Aretoan, Gasteizko Montehermoso Kulturunean eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean; Meridako Biltzar Jauregian egin zen Irudimenaren Gizarteari buruzko Lehen Topaketan egindako aurkezpena (2005); Gijonen egin zen “Arenas Movedizas” erakusketan egindako aurkezpena, Juventud Cabüeñes 05 topaketaren ildotik; Mataroko Zona Intrusan egindako aurkezpena (2006); Oviedoko unibertsitateko Espacio Solidario izeneko taldeak antolatutako “¿Quieres vivir?” izeneko etxebizitzari buruzko foroan parte hartzea (2007).

Txikle banaketa kaleetan zehar eta produktoari buruzko informazioa