Noiz: Azaroaren 16an, ostirala 16:30tan, Bizkaia Aretoko Baroja aretoan (Abandoibarra etorbidea, 3), Bilbon.
Zer: "TRANSARTEA. Arte-praktika kolaboratzaileak, teknologia erlazionalak eta performatibitate soziala" tesiaren defentsa.
Nortzuk: Saioa Olmo ikerlaria eta M.Concepción Elorza zuzendaria, UPV-EHUko Arte eta Teknologiako Saila.
Web: http://transarte.wordpress.com

TRANSARTEA. Arte-praktika kolaboratzaileak, teknologia erlazionalak eta performatibitate soziala

TRANSARTEA prozesu parte-hartzaile eta kolaboratzaileen bidez sortutako arte-proiektu erlazionalei buruzko ikerketa bat da, eta proiektu horiek gertatzen diren testuinguruetan transformazioak eta trukeak sortzeko gaitasunaz ere bai. Ikerketa hori arte-praktikatik eta gogoeta diskurtsibotik eginda dago, arte-kritikaren eta gizarte-zientzien teorien arteko bidegurutzean.

Ikerketaren helburua da esperimentatzea eta balioztatzea ea arteak gizarteari eragin diezaiokeen eta, horrela izatekotan, hausnartzea zer neurritan eta zer erremintarekin ahaldundu gintezke artistok hartarako; halaber, planteatzea zer baldintza bultzatu beharko liratekeen testuinguruetan, artisten, artearen eta testuinguruaren arteko mihiztadura errazteko eta inplikaturiko agente guztientzat onuragarria izateko. Arteak sozialki eragin dezakeelako hipotesitik abiatu gara (neurri batean edo beste batean, hainbat norabidetan, eta egiazta dezaketen erremintak izanda edo ez). Hortik, ikerketak planteatzen du gaur egun gizarte gisa ditugun erronketako batzuek zerikusia dutela gure erlazionatzeko ahalmenarekin (gure artean, beste bizitza-forma batzuekin eta gure ingurunearekin; makro eta mikro mailan) eta artea eremu interesgarria izan daitekeela haren gainean esperimentatzeko eta sakontzeko (elementu gertagaitzak konektatzeko, bere ahalmenagatik; mugak zeharkatzeko, bere joeragatik, eta pertsonengana iristeko, bere moduengatik).

TRANSARTEA ikerketaren denboraldian zehar (2012-2018) erabili diren metodoak askotarikoak izan dira. Alde batetik, 2000 eta 2014 urteen artean egin ditugun arte-proiektu parte-hartzaile eta kolektiboak bildu ditugu, berezko sorkuntza artistikoaren senetik ikuspegia izateko. Bilduma hori izan da argitaratze-formatuan (Biotracks liburua) eta ikus-entzunezko sorrerakoa (Hamaika urte dantzan bideoa). Praktikatik, halako proiektuak eta ekintza kolektibo eta parte-hartzaileak egin dira: Transnazionala, Jokaera-koreografiak, Eraso!, Zu ez, Topa, Zure animoko mezua hemen, Eromekanika, Participation on Trial, Teknologia bigunak (performancea), -rekin jolasean, Globosonda, Marrualdia eta Geroa Xuxurlaka. Proiektu horien bidez esperimentatu dugu talde-dinamikekin, taldean rol banaketarekin, zeregin-esleipenarekin, pareen arteko kolaborazioarekin, partaidetza konplizearekin, partaidetza behartuarekin, ekintza zuzenarekin, ekintza ikusezinekin, hautemate arduragabearekin, komunikabideen erabilerarekin, komunikazio kodeekin, espazio-antolakuntzekin..

Maila diskurtsiboan, arreta ipini da bira sozial eta etnografikoaren inguruan, ikusleriaren politiketan, parte-hartzearen gradientean, egiletasuneko forma bestelakoetan, artearen autonomian eta heteronomian, artearen bidezko emantzipazio eta alienazioan, eta arte-praktika ugaritarako erabilgarria (edo ez-erabilgarria) izateko desioan, beste kontu batzuen artean. Psikologia sozialaren eremuan, kontuan hartu ditugu alorraren teoria, transakzioaren analisia, psikodrama, talde operatiboaren metodoa, transferentzia eta kontratransferentziei buruzko teoria psikoanalitikoak, objektu-harremanak eta objektu trantsizionalak. Soziologian, habitus-en ideian eta mikro-makro erlazioetan jarri dugu interesa. Antropologian, dohainaren entsegua, artearen agentziari buruzko digresioa eta aktore-sarearen teoria kontsultatu ditugu. Diskurtso filosofiko feministek ere ikerketa elikatu dute, kokatutako ezagueraren, genero performatibitatearen, identitatearen ulergarritasunaren eta ekonomia feministaren inguruan.

Halaber, prozesu ikertzailearen atal gisa, talde artistiko batzuetako kide izan gara (EPLC, A Plataforma eta 770OFF), eta prozesu kolektiboen inguruko ikerketa informalekoak ere bai (Meetcommons, Psikodrama kontraste taldea, La comunidad imposible, Wikitoki LoRelacional eta Tecnoblandas). Talde horien parte izateak ikerketaren gaiez kolektiboki lan egiteko balioa du, eta horrek kasu askotan aldi berean subjektu eta gure ikerketaren objektu izatea ekarri du.

Beste erreminta batzuei dagokienez, honako hauek erabili ditugu: gaian adituak diren pertsonei bideratutako elkarrizketak; Ausart aldizkariko teknologia bigunei buruzko zenbakirako argitaratze-kolaborazioa; Skylab, Taldeko kontuak eta Marra laborategiak; Hiri Interdependentziak, Hiri-Esplorazioak eta Geroa Xuxurlaka lantegiak; Teknologia Bigunak udako ikastaroa; Stono mendia eta Erain Komunitate-Psikologia pilula sortzaileak; eta Bilbo Zaharreko Gau Irekia programarekin erlazioan UPV/EHUko arte performatibo eta testuingurukoa ikasgaiko ikasleekin egindako lana.

Alde batetik, ikerketa honen emaitzak sortutako proiektu artistikoak berak dira, diskurtsoen eta kontsultatutako teorien eraginpean (transakzioak, transferentziak, trantsizioak, portaerak, komunikazioa eta antolaketak jokoan ipini dituzten formatu artistikoak). Beste alde batetik, emaitzak ere badira dokumentuan zehar aurkeztutako hausnarketak, arteetan egiteko logiken eta ikertzeko modu partikularren eraginpean (formek, intuizioek, nahiek, afektuek, gatazkek… gidatuz). Hasierako hipotesiak planteatzen zuen prozesu parte-hartzaile eta kolaboratzaileak egokiak direla testuinguru zehatzen eragin zuzenak bilatzen dituzten arte proiektuetarako, eta hipotesi hori argudiatuta eta ñabartuta geratu da dokumentuan zehar. Halaber, teknologia bigunen kontzepturako hurbilketa egin da, eta arte-proiektu parte-hartzaileen mekanikak eta estrategiak atera dira kasu zehatzetan.

Erlazioetako teknologia berrien lehen konpilazio bat egin dugu, bere estatu hasiberria gorabehera, proiektu artistikoetarako, ikerketetarako eta tailerretarako erreminta-kutxa bezala balio dezan. Bestalde, ondorengo garapenetarako apuntatuta geratu da makinetako logiken eta afektuen konpilazio bat, arreta-fokua pertsonen arteko erlazioetatik beste mota batzuetako agenteen arteko erlazioetara zabaltzea ahalbidetuko duena, ekosistemaren gaineko gaurko giza agentziaren gehiegikeriari buruzko arazoen araberakoagoa.

Partekatzeko ekoizpen bat sortzeko asmoaz gain, ikerketa arlo pertsonalean ahalduntze eta sofistikazio handiagoari lortzeko ideian bat egin dugu: diskurtsoetan (zenbait ezaguera-eremuren arteko bidegurutzean), hizkuntzetan (artistikoa eta idiomatikoa) eta tekniketan (erlazionalak).

TRANSARTEA artea praktikatzen jarraitzeko artefaktu bat da, arauak etengabe berridazten dituen joko bat, zehazki egiten ari dena jakitean eta ez jakitean datzana. TRANSARTEAk epe motzean elikatuko ditu transakzio eromekanikoak, geroaldira zuzendutako xuxurlak, makinetako logiken eta afektuen gaineko ikerketak eta esperimentu erlazional, performatibo eta testuingurukoen errepertorio bat.