• Noiz: 2002ko ekaina.Non: Donostia.
  • Proiektua: Artelekuren (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Arte eta Kultura Garaikidearen Gunea) inaugurazio berrirako ikusi-nortasuna eta komunikazio kanpaina.
  • Lan-Taldea: Amasté eta Saioa Olmo.

 Artelekuren logotipoa.

Arteleku, artea eta kultura garaikidea sustatzeko gunea da eta era berean, arte eta kultura ekimen desberdinak harremanetan jartzeko topalekua. Hau dela eta, gunearen irudi korporatiboa egiteko “nodo”-aren ideiatik abiatu ginen, hau da, errealitate, talde, instituzio, elkarte, gizabanako eta arte eta kulturaren esparruan lan egiten duten enpresen arteko lotune izatetik.

Era berean, Artelekuren logotipoak Gipuzkoako Foru Aldundiarenarekin bat etorri beharra zuen, zentroa aldundiaren menpe baitago, nahiz eta bere funtzionamendua autonomoa izan. Mota eta esparru guztietako elkarteek bat egin zezaten, nolabaiteko hoztasuna edo asepsia ere bilatu zen, harremanen mapa grafikoa osatzea ahalbidetuz.

Inprentara eramaterakoan diseinu merke bat egiten saiatu ginen, tinta bakarra eta baliabide grafiko sintetikoak erabiliz.

 Hurrengo kontzeptuekin eskema bat: komunikabideak, beste arte zentroak, erabiltzaileak, artistak, instituzioak, enpresak, hornitzaileak, dokumentazio zentroak.

 

2002ko ekainaren 21ean zentroaren berrinaugurazioa egin zen eta hori prestatzeko, komunikazio-kanpaina bat antolatu zen. Talde bakoitzak bere kabuz komunikatuko zituen hainbat jarduera prestatu ziren eta jendea erakartzeko deialdi orokor bat egin zen. ELAk eta LABek, hilaren 19an, eta CCOOek eta UGTk, hilaren 20an, deitutako lanuzteak aprobetxatuz eta karteletan eta bestelako euskarrietan, manifestazio edo lanuzte estetikari jarraiki, 21ean ospatuko zen inauguraziorako gonbitea luzatu genion jendeari.

Kartelak jarri ziren, hirian zehar papertxoak bota ziren eta jaian bertan txapa batzuk banatu ziren. Aurretik, paperean inprimatutako gonbidapena eta e-mail bidezko animazio batzuk bidali zitzaizkien agintari eskudunei eta datu basean genituen kontaktu guztiei: Anima zaitez eta ospatu! Izan zen leloa, barruko nahiz kanpoko publikoa parte hartzera animatuz.

 Panfletoak banatzen