• Noiz: 2005eko maiatza
  • Non: Zumaia
  • Proiektua: Zumaiako herria eredu hartuta, herritarrak antolatzeko eta ordezkatzeko moduei buruzko instalazio bat egin genuen herriko kaleetan, espazio publikoa aprobetxatuz.
  • Lan-taldea: Divergentes egitasmoaren barruan garatutako Saioa Olmoren eta Irizar Kooperatibaren arteko lankidetza-proiektua da.

Autobus baten barneko estruktura, herriko elkarte ezberdinek emandako informazioaz osatua

 

“Zer da Zumaia zuretzat?” proiektua Artes Divergentes egitasmoaren barruan garatu zen. Egitasmo honetan, 10 artista beste 10 enpresekin harremanetan jarri zituzten eta elkarlanaren emaitza, Zumaiako herrian erakutsi zuten.

“Zer da Zumaia zuretzat?” autobusen karrozeriak egiten diharduen Irizar Kooperatiba eta Saioa Olmo artistaren elkarlanaren emaitza da. Alde biek izandako elkarrizketetan, Irizar enpresan martxan jarri duten berrikuntza garrantzitsu batean oinarritzea erabaki zuten: lana antolatzeko modu berritzailea, egitura horizontala, parte hartzailea eta autogestionatuak diren lan-taldeek osatua. Beraz, proposamena pertsonak antolatzeko ideia honetatik abiatuta garatzen da.

Lanaren hartzaileak Zumaiako herritarrak izango zirela kontuan hartuta, gaia herrietako biztanleen arteko antolaketa moduetara eramatea erabaki zen eta hain zuzen ere, Zumaiarrek antolatzeko erabiltzen dituzten moduetara. Herriko hainbat pertsonekin elkarrizketak izan genituen, ikuspuntu eta pentsamolde desberdinak aztertuz.

Proiektua honako zehaztasun hauetan gauzatu zen: Zumaiarrekin izandako elkarrizketak, Zumaiako Herri Eskolako ikasleekin egindako tailerra, komunikabideetan ateratako oharrak, Amaiako Plazan jarritako eta herritarren ekarpenekin egindako egitura metalikoa eta Zumaiako erakunde, elkarte eta elementu adierazgarrien lau eskemez osatutako 2 argibide-taula.

Divergentes (gaur egun Disonancias) egitasmoaren babesean garatutako lan honetan, pentsatzeko, antolatzeko eta diseinatzeko moduei buruz eta hauen arabera lortutako emaitzei buruz aritu ginen. Honen ildotik, herri baten egituraketa, aurretik pentsatutako eta antolatutako baldintzen (adibidez, gizartearen parte-hartzerako tresnak, instituzio organoak, informazio-batzordeak etab.) eta ezustean sortzen diren bestelako baldintzen (pertsonen arteko kidetasun edo fobiak, zaletasun berdinak dituzten taldeak, leku eta momentu jakin bateko elkartzeak…) araberakoa da.

Zumaiari buruzko gizarte ezaugarri desberdinekin lau eskema-mapa egin ziren (Zumaiako elkarte eta taldeak, zumaiarrentzat herriko adierazgarri diren elementuak, herriko ezizenak eta ikus daitezkeen naturako antolaketak). Eskema-mapa hauek herriko informazio turistikoa ematen duten tauletan bertan kokatu ziren eta honela, informazio turistiko hori, bestelako alderdi sozialekin osatu zen.

Amaiako Plazan ezarritako egitura Zumaiako elkarte zein pertsonek egindako ekarpenak kokatzeko erabili zen. Egituraren forma autobus baten barne hezurdurarena izan zen, hori bai, pixka bat eraldatua kolaborazioak jartzeko erabili ziren bi leihoen zuloetan.

Zumaia erdian kokaturiko kartel bat, Zumaia era ezberdin batean irudikatzea saiatzen dena